Igandean hasiko dugu otsaila, Euskal Herriko jai ezagun ugari biltzen dituen hilabetea: Kandelario, San Blas eta Santa Ageda.
Adi otsailaren 2an! Herri tradizioaren arabera, negua luzea edo laburra izango den neurtzen baita egun horretako eguraldiaren arabera: Kandelario bero, negua dator gero; Kandelario hotz, negua joan da motz.
Otsailaren 3an, berriz, eztarriak babesteko sokak bedeinkatu beharko ditugu, San Blas eguna baita. Baina, ez ahaztu: opil eta erroskilen eguna ere bada!
Azkenik, asteari musika ukitua jartzeko, Santa Ageda bezpera ospatuko da (otsailak 4). Urtero bezala, herri eta auzoetan koplak entzuteko aukera egongo da, erritmoa markatzeko makilak lagun.