Jakingo duzun bezala, Koronabirusak eragindako egoerari aurre egiteko asmoz Eusko Jaurlaritzatik euskaltegiko aurrez aurreko jarduera eteteko agindua etorri zitzaigunetik, irakasleok gure ohiko ordutegian aritu gara lanean, eta ahalegin guztiak  egin ditugu baliabide didaktikoak prestatu eta ikasleon esku jartzeko, modu ez-presentzialean ikasten jarraitu zenezaten.

Ziur gaude, egoerak utzi dizuen neurrian, zuek ere esfortzu handia egin duzuela aurrera egiteko, eta horren erakusgarri da, besteak beste, zuetako askok duela gutxi egin duzuen (B2, C1 edo C2ko) ahozko proba datorren egiaztatze-deialdian esku hartzeko asmoz.

Une honetan, proba idatzirako hilabete erdi eta kurtsoa amaitzeko gutxi gehiago falta denean, berriro jartzen gara zuekin harremanetan esateko erabaki dugula baliabide digital eta telematikoak erabiltzen jarraituko dugula eta ez dugula euskaltegia oraingoz irekiko eskoletarako.

Aldeko zein kontrako faktore guztiak aztertuta, pentsatu dugu zuetako gehienon kezka nagusia oraintxe idatzizko proba prestatzea izango dela eta horretarako ez dela bereziki beharrezkoa eskola fisikora itzultzea.

Hortaz, bai osasuna lehenetsi beharra dagoelakoan, bai zuen premia nagusiei ondo erantzuteko modua dugulakoan, erabaki dugu euskaltegia oraingoz eskoletarako ez irekitzea.

Ulertuko duzuelakoan, jaso gure agurra eta esker ona.


Legazpi 6 euskaltegia

ANTIGUA: Guridi Maisua z/g 20008 Donostia | ALDE ZAHARRA: Kanpandegi 1 20003 Donostia | Tel. 943 219 907 | Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Garapena: Kultur Atelier eta BIT&MINA