Euskararen erabileran nola eragin eztabaidatu eta pentsatzeko, euskararen egoeraz eta bere berreskurapenaz hausnartzeko eta soziolingusitikaz zertxobait ikasteko aukera izaten da Bagerak antolatutako soziolinguistika saioetan.
Gure agendan ikus dezakezuen bezala, hilean behin egiten dira, 19:00etatik aurrera. Solasaldietan edonork har dezake parte, eta saio bakoitzean gai bati buruz aritzen dira. Joxe Manuel Odriozola da dinamizatzailea, eta batzuetan adituak ere gonbidatzen ditu solasaldira. Hurrengo saioa hilaren 10ean izango da, eta gaia: “euskararen normalizazioa” dugu desio: zer adierazi nahi dugu? Joan aurretik irakurgai bat irakurtzea gomendatzen dute. Hemen duzue hilabete honetakoa.
Bestalde, hilaren 11n ikasle batzuk Victoria Eugenia antzokira joango dira “Zazpi aldiz elur” antzezlana ikustera. Kronikaren zain egongo gara…
Igandean hasiko dugu otsaila, Euskal Herriko jai ezagun ugari biltzen dituen hilabetea: Kandelario, San Blas eta Santa Ageda.
Adi otsailaren 2an! Herri tradizioaren arabera, negua luzea edo laburra izango den neurtzen baita egun horretako eguraldiaren arabera: Kandelario bero, negua dator gero; Kandelario hotz, negua joan da motz.
Otsailaren 3an, berriz, eztarriak babesteko sokak bedeinkatu beharko ditugu, San Blas eguna baita. Baina, ez ahaztu: opil eta erroskilen eguna ere bada!
Azkenik, asteari musika ukitua jartzeko, Santa Ageda bezpera ospatuko da (otsailak 4). Urtero bezala, herri eta auzoetan koplak entzuteko aukera egongo da, erritmoa markatzeko makilak lagun.
Kutxa Ekoguneak eta Azkue fundazioak “Euskararen Ginkanaren” laugarren edizioa antolatu dute, Euskaraz eta euskararekin dibertitzeko helburuarekin. Aukera egokia da euskaraz jolastu eta 3000 euroko saria irabazteko!
Parte-hartzea taldekakoa izango da: euskararen aldeko proiekturen bat gauzatzen duen edozein talde motak har dezake parte (euskalgintza, kulturgintza, ekologistak, gurasoak…), 4-6 partaidekoak. Izena ematea otsailaren 18an amaituko da. Izena emateko www.euskararenginkana.net webguneko formularioa bete eta taldearen aurkezpen bideoa egin behar da.
Lehiaketako aurtengo gai nagusia “IKTak eta Ekologia” izango da, eta beraz, gainditu beharreko probak eta galderak mundu digitalean euskarak eta ekologiak duten presentziari lotuak izango dira. Ginkanak bi fase izango ditu: otsailaren 19tik martxoaren 26ra webguneko probak gainditu beharko dituzte taldeek; apirilaren 18an finala ospatuko da Donostian (puntu gehien lortutako 4 taldeekin)
Informazio gehiago: www.euskararenginkana.net
Udaleko Euskara Zerbitzuak eta hiriko merkatarien eta ostalarien elkarte eta federazioek euskara ikastaroak antolatu dituzte otsailetik aurrera. Gremioko profesionalentzat dira, eta eskaerak egiteko epea urtarrilaren 30ean amaituko da.
Hainbat dira ikastaro hauen helburuak: langileek euskara ikasteko lehenengo urratsak ematea, bezeroekin euskaraz aritu ahal izateko; eta euskara dakitenentzat, laneko idazki laburrak (faxak, oharrak, fakturak, ...) sortu ahal izateko oinarrizko gaitasuna lortzea.
Eskabideak aurkezteko epea: urtarrilaren 21etik urtarrilaren 30era. Internet bidez edo Euskara Zerbitzuan
Informazio gehiago hemen edo 943 48 37 50 telefonoan
Mintzalaguna egitasmoa Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak (BAGERA) eskaintzen du. Ikasturte honetako 2. izen emate epea zabaldu dute orain.
Ikaslea zara eta euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duzu? Ikasle haiei laguntzeko prest zaude? Urtarrilaren 31era arte izango duzue Mintzalaguna ekimenean izena emateko aukera.
Parte hartu ahal izateko balditzak: ikasleek, gutxienez, euskaltegiko 6. Urratsa; mintza laguntzaileek euskaraz erraz egin behar dute.
Informazio gehiago Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean eta 943 46 71 81 telefonoan.
Eman izena euskaltegiko bulegoan!
Urte berri on! Oporren ondoren, bada lanera itzultzeko garaia; urtarrilaren 7an hasi dira klaseak Legazpi 6 Euskaltegian.
Batzuk EGA izango duzue buruan, bada 2015ko EGA azterketaren lehenengo deialdiko egutegia argitaratu da, dagoeneko. Horren arabera, atariko proba otsailaren 21ean egingo da; proba idatzia, martxoan; eta ahozko proba, maiatza bukaeran.
Azterketa egiteko matrikula-epea zabalik dago urtarrilaren 7tik 21era bitartean, biak barne. Matrikula internet bidez egin behar da, hemen.
Ekin lanari!
Gaur (abenduak 16) argitaratu dira HABEren mintzamen probako emaitzak. Zorionak gainditu duzuenoi! Erreklamazioa aurkeztu nahi duzuenok hiru eguneko epea izango duzue, bihartik aurrera.
Azterketak albo batera utzita, badatozela Gabonak! Aste hau dugu urteko azkenekoa, klaseei dagokienez, behintzat! Abenduaren 19a izango da azken eguna, eta Gabonetako oporrak hartuko ditugu.
Urtarrilaren 7an itzuliko gara; Errege egunaren ondoren. Beraz, Gabon gau, Eguberri egun, Urte Zahar gau, Urte Berri egun eta Errege egun zoriontsuak igarotzea opa dizuegu.
Ondo pasa, eta datorren urtera arte!
Aste honetan argitaratu dira (abenduak 10) EGA ahozko probaren emaitzak. Kontsultatu zuen emaitza hemen, eta ados ez bazaudete, abenduaren 16ra arte duzue erreklamazioak aurkezteko epea. Behin-betiko emaitzak abenduaren 23an argitaratuko dituzte. Gainditu duzuenok irakurri "agiria jasotzeko prozedura".
Bestalde, argitaratu da 2013-2014 ikasturteko diru laguntzen behin betiko zerrenda, udako ikastaro, barnetegi eta autoikaskuntza ikastaroei dagokiena.
Azkenik, Bagera elkarteak irteera antolatu du larunbaterako: Tolosa eta Andoain elkartuko dituzte bospasei orduko ibilaldian. Hemen duzue informazioa.
Aurten ere, Euskarazko kultur eta aisialdirako produktuen gida argitaratu du, Donostiako Euskara Zerbitzuak. Abenduarekin batera, ziur, asko zaretela gabonetan zer oparitu pentsatzen hasi zaretenak! Egin euskararen aldeko apostua! Gida honetan aurkituko duzue behar duzuena.
Bilduma honek aisialdia euskaraz gozatzeko aukera aurkezten du, eta era guztietako produktuak aurki daitezke, adin eta motaren arabera sailkatuak: musika, liburuak, filmak, aldizkariak, multimedia edukiak, gurasoei bereziki zuzendutako materiala, denbora pasako jokoak…
Gida webgune honetan kontsulta daiteke, eta bertan aurkituko duzue Donostiako saltokien zerrenda ere!
Datorren abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta urtero bezala hainbat ekimen antolatu dira. “Euskara,etenik ez duen haria” izango da aurtengo leloa euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratzeko.
Euskararen eguna ospatzeko bi ekimen nagusi antolatu dira San Telmo Museoan: Azaroaren 29an “EUSKARA, etenik ez duen haria” ekitaldia, 12:00etan, eta Abenduaren 3an bertan “Belaunaldien Arteko Mintzodromoa” .
Gainera, euskararekiko gure konpromisoa adierazteko #ereeuskaraz traola erabiltzeko deia egin da, eta jasotako mezuak abenduaren 3an plazaratuko dira.
EGA azterketako ahozko proba egin behar duzue, laster, zuetako askok. Gipuzkoan, azaroaren 21 eta 22an egingo dira, ostirala eta larunbata. Emaitzak abenduaren 10ean argitaratuko dira, eta bost eguneko epea egongo da erreklamazioak jartzeko. Behin-betiko emaitzak abenduaren 23an argitaratuko dira.
HABE azterketako idazmen proba egin zenuten zuetako beste askok, eta aste honetan (ostegunean) argitaratuko dira emaitzak. Adi egon, gaindituz gero, mintzamen proba azaroaren 28tik abenduaren 5era izango duzue-eta. Hemen duzue egutegia.
Zorte on!
Donostiako 318 establezimendutan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz artatuak izateko aukera bermatuta daukate herritarrek. Donostiako Udalak denda eta tabernetan euskara sustatzeko abian jarritako “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” kanpainarekin bat egin dutenak dira horiek. Mapa interaktibo batean kokatu dira establezimenduak, jendeak jakin dezan non egin dezakeen euskaraz.
Gainera, #ereeuskaraz lehiaketa jarri dute martxan sare sozialetan, eta partehartzaileen artean 50 euroko 10 sari banatuko dira.
Informazio gehiago, hemen
Donostian euskararen berreskurapen osoa lortzeko, Udalak 2015-2019 epealdirako erronkak, helburuak eta lehentasunak ezarri nahi ditu. Euskararen Plan Orokorra diseinatu nahi du, eta horretarako prozesu parte hartzaile bat jarriko du abian 2014ko azarotik 2015eko urtarrilera bitarte. Informazioa jaso eta ekarpenak egiteko webgunea sortu dute.
Larunbatero, azaroaren 15a arte, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoak Donostiako oroimen historikoaren ibilbideak eskaintzen ditu, 1936ko estatu kolpeko eta ondorengo diktadura frankistako gune garrantzitsuak ezagutzeko. Ibilbide horiek San Telmo Museotik hasiko dira.
Ez da aurrez erreserbarik egin behar, 10 minutu lehenago San Telmo Museora hurbiltzearekin nahikoa da, baina taldeak mugatuak izango dira. Ordu eta erdi inguruko bisitak dira, eta hiru euroko prezioa dute. Sarrera horrekin, gainera, museoa bisitatzeko aukera ere izango da.
Hemen informazio gehiago
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara ikasteko diru laguntzak ematen dizkie donostiarrei edo donostiarrak ez izanda ere bertan lan egiten dutenei.
Diru laguntza hauek HABEk homologatutako euskaltegiek eta zentroek emandako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroetan parte hartzeagatik ematen dira.
Eskabideak aurkezteko epea: 2014ko irailaren 15etik azaroaren 15era (biak barne)
Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta informazio gehiago hemen.
Eutsi euskarari eta arraun!
Udaran ere euskara praktikatzeko aukera paregabea eskaintzen du Donostiako Bagera elkarteak, mintzalagunak egitasmoaren bitartez. Aste honetan bukatuko da izen-emate epea, uztailean, abuztuan edo bietan egitasmo honetan parte hartzeko.
Datorren astean hasiko dira taldeak biltzen, beraz, aprobetxatu eta eman izena lehenbailehen! Ikasle moduan parte hartu nahi izanez gero, ikasle fitxa bete behar duzu. Eskatzen den gutxieneko maila da 6.urratsa. Bestalde, dagoeneko euskaraz badakizu, eta astean ordu bete libre badaukazu, laguntzaile fitxa bete dezakezu, eta euskara ikasten ari direnei lagundu.
Epea ireki da falta den dokumentazioa osatzeko, 2013-2014 ikasturtean euskara ikasteko dirulaguntza eskatu dutenentzat, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan. Epea irekita egongo da ekainaren 13ra arte. Dokumentazioa osatzen ez duena dirulaguntzatik kanpo geldituko da.
Zerrenda honetan ikus dezakezu dokumentu edo daturen bat entregatzea falta zaizun edo ez. Dirulaguntza hauek 2013-2014 ikasturtean euskara ikasten aritu direnentzako da.
Dirulaguntza jasoko dutenen behin-behineko zerrenda uztailaren 28an argitaratuko da. Informazio gehiago jasotzeko jo Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko webgunera edo telefono honetara: 943 483750.
Kurtso bukaeran gaude dagoeneko, eta urteroko ohitura onak alde batera ez uzteko, aurten ere txangoa antolatu dugu. Datorren asteartean, ekainak 10, Segura eta Idiazabalera joango gara.
Asteartean, goizeko 09:30ean Gipuzkoa plazan jarri dugu zita. Nahi duen guztia etor daiteke, baina horretarako lehenbailehen eman behar da izena euskaltegiko bulegoan.
Animatu, ederki pasako dugu-eta!
Mintza Eguna, Euskal Herri osoko mintzalagunen jaia, maiatzaren 31n izango da Izarran (Araban). Izarra Urkabustaiz herrian dago, Arabako Gorbeialdean. Biztanle gutxi dituen herria izan arren, astero 30 lagun elkartzen dira mintzalagun taldeetan. Beraiek dira egun hau antolatu dutenak, herriko beste eragile batzuekin. Donostiako Bagera elkarteak bertara joateko autobusa jarriko du.
Egun osoko festa izango da. Hona hemen programa:
11:00 Ongi etorria eta hamaiketakoa plaza berrian.
12:00 Beluntzako ur jauzietara mendi ibilaldia, edo jolas Mintzodromoa. Aukeran!
13:30 Mintza kalejira bertsolariekin.
14:30 Bazkaria plaza berrian*.
16:30 Mintzalagun taldeetan ahalegin berezia egiten duten zenbait kideri sari banaketa.
17:30 Erromeria Parradust taldearekin.
22:00 Kontzertuak gaztetxean.
* Eguraldi txarra izanez gero bazkaria frontoian izango da.
Bertara joan nahi izanez gero, aprobetxatu Bagera elkarteak jarritako autobusa. Izena emateko 28 euro sartu behar dira Bagera elkartearen kontu korrontean (30350092570920042476) eta Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera zure izen abizenak eta kontakturako telefonoa idatzi. Autobusa 09:00ak aldera aterako da Donostiatik.
Olatu Talka iritsi da Donostiara. Asteburu honetan zientoka ekitaldi izango dira Donostia osoan, eta euskarak ere izango du bere txokoa bertan.
Olatu Talka egitasmoaren barruan antolatutako ekitaldiak maiatzaren 23an, 24an eta 25ean, eta ekainaren 1ean egingo dira, hiriko txoko guztietan. Horien artean, euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimen bat anolatu da: Euskararen plaza. Maiatzaren 25ean egingo da, goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean, Easo plaza ondoan. 6 postu jarriko dira hainbat ekintza egiteko, eta euskaltzale guztiak bertan biltzera deitu dituzte antolatzaileek.
Bestalde, Olatu Talkaren barruan antolatu diren gainontzeko ekitaldien berri izateko, egin klik hemen.
Egiako Euskara Astearekin batean, erakusketa bat jarriko da Egiako kultur etxean, maiatzaren 19tik 25era bitartean, hizkuntza zapalkuntzaren memoriaren inguruan.
Euskal Memoriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute erakusketa, Donostia Kulturaren eta Udaleko Giza Eskubideen Sailaren laguntzarekin. "Euskara ospeletik eguterara. Hinkuntza zapalkuntzaren memoria". Erakusketaren asmoa da euskararen zapalkuntza ezagutaraztea eta gogoratzeko bidea eskaintzea. Era berean, kontakizun hau denen artean osatzen segitzeko aukera eman nahi du: “Euskararen kontrako jazarpen iraunkorra agerian utzi, euskaldunek jasandakoa haien ahotan ezagutarazi, eta zapalkuntza horren lekukotasunak biltzen segitzeko bidea jartzea da honen helburua. Memoria guztion artean jostekoa baita”.
Bestalde, erakusketarekin lotuta hitzaldia emango du David Anautek hilaren 23an, 18:30ean Egiako kultur etxean. Anautek idatzi du "Euskararen kate hautsiak" liburua. Horrekin batera, dokumental bat ere jarriko dute.
Informazio gehiago, www.euskaraz.net webgunean.
Azterketetan sartuta gaude bete-betean.
Gaur bertan, HABEren entzumeneko eta irakurmeneko ulermen probak egiten hasi gara, euskaltegian bertan. 10era arte ariko gara proba hauek egiten, maila guztietan. Emaitzak maiatzaren 15ean jakinaraziko dira. Proba horiek gaindituz gero, maiatzaren 17an egin beharko duzue proba idatzia. Hona hemen proba hori egiteko datak eta lekuak.
Bestalde, EGA azterketako proba idatziaren emaitzak, aste honetan argitaratuko dira, ostegunean. Egutegian zehaztutakoaren arabera, erreklamazioak egiteko epea maiatzaren 14ra arte egngo da zabalik. Ahozko probak, berriz, hil honen bukaeran egingo dira. Xehetasun guztiak aurkituko dituzue hemen.
Animo!
Kultura Zientifikoa sustatzeko I Ikasle Topaketa egingo da datorren maiatzaren 8an, Donostiako Carlos Santamaria Zentroan, 9:00etatik 14:00etara. Ainhoa Ezeizak eman digu honen berri, lehenago Legazpi 6 euskaltegiko irakasle izandakoak. Doakoa dela azpimarratu du, eta animatzeko deia luzatzen du.
Jardunaldi honen helburu nagusia da zientziaren ikuspegi transdiziplinarra erakustea, ikasleen begietatik, ikasleek zientziaren garapenean duten garrantzia azpimarratzeko. Gonbidatu gisa, entzuleen artean ikertzaileak izango dira; zientzia dibulgatzaileak, komunikabideak eta ikerketa-taldeetako koordinatzaileak. Aukera bikaina izango da gure lurraldean euskaraz zientzia nola lantzen den ikusteko!
Eguneko behin-behineko programa argitaratu dute, eta baita izen-ematea ere.
Poltisko Antzerkiaren Jaialdia ospatuko da maiatzaren 2tik 18ra bitartean. Hau da, formatu txiki eta ertaineko antzerki-ikuskizunak ikusi ahal izango dira, doan, Donostiako erdiguneko eta zenbait auzotako taberna eta lokaletan.
Horietako ikuskizun batzuk euskaraz izango dira. Batetik, Seiru taldearen 'Markesa Loukost'. Honek, hain zuzen, Euskarazko Poltsiko Antzerkia Saria irabazi du. Pertsonaien barne gatazkak modu umoretsuan azaleratzen dituen antzezlana da honakoa. Maiatzaren 9, 14, 15 eta 18an ikusi ahal izango da, iluntzeko 20:00etan, Loiolako Arduben, Antiguako Dokan, Amarako Via Foran eta Egiako Bukowskin, hurrenez hurren.
Oihan Vegaren 'Euskararen espektakulue' izango da beste antzezlan bat. Umorea eta sarkasmoa erabiliz, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu bakarrizketa dibertigarri eta ironiko honekin, musikaz, kantuez eta zineaz lagunduta. Maiatzaren 4an Loiolako Apitxi tabernan ikusi ahal izango da, 20:00etan; maiatzaren 8an, Groseko El Muron, 21:00etan; maiatzaren 9an, Añorgako Jolas Etxean, 22:30ean; eta maiatzaren 15ean Intxaurrondoko Sidi-Kaukin, 20:30ean.
Maiatzaren 8an, berriz, 20:30ean Egiako Beti Bogan Ion Martinezen inrpobisazio eta bakarrizketa saioa ikusi ahal izango da: 'Txikiren umorezko bakarrizketa: mil a zien. Baietz parrez lehertu!'
Azkenik, Ramon Agirre eta Inaxio Tolosaren 'Kokakola eta barea' famatua ikusi ahal izango da maiatzaren 8an, 20:00etan Intxaurrondoko jatetxe makrobiotikoan; maiatzaren 11n, 20:00etan Egiako Bukowskin; maiatzaren 16an 20:00etan Altzako El Nidon; eta maiatzaren 18an, 19:30ean Igeldoko Itxas Aurre kultur etxean.
Informazio gehiago aurkituko duzue Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan.
ANTIGUA: Guridi Maisua z/g 20008 Donostia | ALDE ZAHARRA: Kanpandegi 1 20003 Donostia | Tel. 943 219 907 | Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Garapena: Kultur Atelier eta BIT&MINA