Lan eta lan etengabe, baina oporrak ere hartu behar! Eta horixe egingo dugu euskaltegian.
Datorren astearen hasieran klaseak izango dira oraindik, astelehen, astearte eta asteazkenean. Baina, ostegunetik aurrera itxi egingo dugu, eta Aste Satuko oporrekin gozatuko dugu. Apirilaren 28an itzuliko gara klaseetara.
Bitarte horretan, ondo pasa! Eta ez galdu aukera, oporrak ere euskaraz pasatzeko!
Plan borobila dugu aste honetan euskaltegian. Bai horixe! Antzerkia eta sagardotegia! Animatzen?
Asteazkenean antzerkian izan ginen, Borobil Teatroaren ON EGIN! antzezlana ikusten. Antzezlan umoretsua, goxoa eta familiartekoa. Euskara eta gaztelania nahasten ditu, eta oso aproposa izan da gure lehenengo urratsetako ikasleentzat.
Osteguneko plana, berriz, ez da ez, makalagoa! Urtero bezala, sagardotegira joango gara ikasle, irakasle eta ikasle ohiak, elkarrekin. Aurtengoan, Zelaia sagardotegira joango gara. Animatu, eta eman izena euskaltegian lehenbailehen!
Apirilaren 12an aukera izango da Urumea ibaian barrena kayakean ibilaldia egiteko; euskaraz, noski. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta ARRAUNING.COM enpresak antolatutako ibilaldia izango da, Donostiako San Telmo Museoan dagoen "Ura, ibaiak eta herriak" erakusketarekin lotuta antolatutakoa. Gehiago ere izango dira, aurrerago.
Ibilaldiak ordu eta erdiko iraupena izango du, 16:30etan hasita, eta 5 euro ordaindu behar dira. Aurretik izena eman behar da www.arrauning.com helbidean. Ibilaldia gidatua izango da, eta hainbat gauza ikusi eta ikasteko aukera izango da: zer diren eta non dauden estuarioak, ibaia, ekosistemak, padura, ertzetako landaredia, itsas-basoa, landare inbaditzaileak, ibaiko biztanleak (arrainak, hegaztiak, ugaztunak...), fauna inbaditzailea, uholde eta mareak...
Hurrengo ibilaldien inguruko informazioa nahi izanez gero, egin klik hemen.
Euskal-dantza tradizionalen erromeria antolatu dute maiatzaren 17rako Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Udaleko Musika eta Dantza Eskolek. Egun horretan herri-dantza lehiaketa ere egingo da, adin guztietako jendearentzat, eta izen-ematea irekita dago, jada.
Erromeria, esan bezala, maiatzaren 17an egingo da, 18:30ean hasita Konstituzio plazan. Egun horretan herri-dantza lehiaketa ere egingo da: 12 urte artekoek arin-arina dantzatu beharko dute; 12 urtetik 55 urte bitartekoek, berriz, fandangoa; eta 55 urtetik gorakoek jauzia. Bagera elkartearen webgunean entzun eta ikusi daitezke erabiliko diren kantak eta araudia.
Izena eman ahal izango da erromeria egunera arte, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako web orrietan, edo izen emate orri hau bete eta Bagera Elkartean, Musika Eskolan edo Udaleko Txistularien egoitzan entregatuta.
Martxoaren 26an, hain justu, irekiko da HABEko azterketak egin ahal izateko izen-emate epea, eta apirilaren 2ra arte egongo da zabalik. Horretarako HABEren webguneko ikasleen sarbidean sartu behar da. Lehenengo aldiz sartzean, erabiltzaile izena eta pasahitza norberaren NAN zenbakia izango da, letrarik gabe. Matrikulak 30 euro balio ditu.
Onartuen zerrenda apirilaren 4an argitaratuko da. Azterketak, berriz, maiatzean hasiko dira. Entzumen eta irakurmen probak euskaltegian bertan egingo dira maiatzaren 6tik 10era, idazmen probak maiatzaren 17an egingo dira, eta ahozkoak, ekaina bukaeran. Maila bakoitzari eta proba bakoitzari dagokion ordutegi eta lekuak egutegian zehaztuta daude.
Euskararen erabileran nola eragin eztabaidatu eta pentsatzeko, euskararen egoeraz eta bere berreskurapenaz hausnartzeko eta soziolingusitikaz zertxobait ikasteko aukera izango da datorren martxoaren 18tik aurrera, San Telmo Museoan antolatu diren soziolinguistika saioetan.
Saioak hilean behin egingo dira, astearte batean, 19:00etatik aurrera. Solasaldietan edonork har dezake parte, eta siao bakoitzerako gai bat hautatuko da. Gai hori parte-hartzaileen artean aukeratuko da eta eskema, gidoi eta irakurgaiak banatuko dira saioa aurrez prestatu ahal izateko. Joxe Manuel Odriozola izango da dinamizatzailea, eta, tarteka, euskararen inguruko adituak gonbidatuko dira saioetara.
Informazio gehiago lortzeko Bagera elkartearen webgunera jo edo deitu: 943467181.
EGAko idatzizko probak egingo dira martxoaren 8an eta 15ean. Abizenen arabera banatu zaio azterketa egin behar duen bakoitzari ordua. Hemen dituzue probintzia bakoitzeko azterketa ordua eta lekua. Gipuzkoari dagokionez, EHUko kanpuseko Ignacio Maria Barriola eraikinean egingo dira probak, 08:45etan hasita; Atik Irako abizenak dituztenek martxoaren 8an, eta Jtik Zrakoek martxoaren 15ean.
Notak maiatzaren 8an argitaratuko dituzte, eta erreklamazio-epea maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik.
EGA azterketako atariko proba egin zuen zuetako askok lehengo astean, eta aste honetan emaitzak aterako dira, ostiralean. Hauek behin-behinekoak izango dira, eta erreklamazioak jartzeko aukera izango da martxoaren 5era arte. Behin-betiko emaitzak martxoaren 7an argitaratuko dira.
Behin atariko proba gaindituta, martxoaren 8 eta 15ean egingo dira idatzizko probak, eta hauen behin-behineko emaitzak maiatzaren 8an argitaratuko dira. Onoren, erreklamazio epea irekiko da, eta ahozko probak maiatzeko azken bi asteburuetan egngo dira. Egutegi osoa ikus dezakezue hemen.
Hil honetatik aurrera merkatari eta ostalarientzako euskara klaseak emango dira, Donostiako Euskara Zerbitzuaren eta hiriko merkatarien eta ostalarien elkarte eta federazioen eskutik. Matrikulazio-epea zabalik dago otsailaren 12ra arte.
Ikastaroak bi helburu nagusi ditu. Batetik, aipaturiko gremioetako langileek euskara ikasteko lehenengo urratsak ematea, bezeroekin euskaraz aritu ahal izateko. Bestetik, euskara dakitenentzat, hizkuntza-ezagutza eta idatzizko komunikazio-gaitasuna zabaltzea.
Izen-ematearen inguruko xehetasun gehiago jakiteko, eta eskabide-orria eskuratzeko, jo Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzura (Konstituzio plaza, 2 behea, 9:00-14:00) edo www.merkatari.net edo www.euskaraz.net webguneetara.
Hiztegi berri bat jarri du martxan Euskaltzaleen Topaguneak, euskaratik beste 35 hizkuntzatara eta alderantziz erabil daitekeena. Hiztegi hori online bisita daiteke, eta inprimitzeko aukera ere ematen du: www.hiztegitxoak.eu.
Gero eta gehiago dira inguruan entzuten ditugun hizkuntzak. Hiztegi berri honek hizkuntza horietara gerturatzen lagunduko digu, eta, era berean, beste hizkuntzetako hiztunek euskara ikas dezaten balioko du. Horregatik, oinarrizko hiztegi bat da sortu dena, 330 hitzek osatua. Oraingoz, 35 hizkuntza kontsulta daitezke: ingelesa, txinera, hindia, danesa, alemana, txekiera, poloniera, hassaniera, kitxua... Baina edonork du aukera hiztegira hizkuntza berri bat gehitzeko. Modu horretan, euskara hizkuntzen arteko zubi bilakatuko da. Horrelaxe azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko teknikari Mikel Ozaitak Euskadi Irratian.
Legazpi 6 Euskaltegian matrikula-epea ireki dugu berriro, urtarriletik ekainera bitarteko ikastaroetan izena eman ahal izateko.
Maila guztietako klaseak ditugu, eta mota guztietako azterketak prestatzen laguntzen dugu: hizkuntz eskakizunak, EGA, HABEren mailak... Ikastaroak egunerokoak edota astean bitan ematen direnak dira.
Bestalde, oraingo ikastaroetan izena emanez gero, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eskaintzen dituen dirulaguntzak eskatu ahal izango dira, otsailaren 3tik 28ra bitartean. Dirulaguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzen eta xehetasunen berri jasotzeko, jo hona.
Mintzalagunak otsailetik ekainera bitartean elkartuko dira, eta saio horietan parte hartzeko orain, urtarrilean eman behar da izena.
Mintzalaguna egitasmoa euskara ikasten ari denari laguntzeko sortutakoa da: euskara ikasten ari diren bi ikasle euskaraz badakien borondatezko laguntzaile batekin biltzen dira, euskaraz egiteko ohitura hartzeko.
Saio hauten parte hartu nahi izanez gero, izena emateko fitxa bete behar da (euskara ikasleentzat ordaindu beharreko kuota 60 eurokoa izango da). Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Bagera elkartearen webgunea bisita dezakezue, edo, bestela, jarri elkartearekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidearen edota 943467181 telefonoaren bidez.
Hasi dugu urte berria, eta, oporren ondoren, bada lanera itzultzeko garaia. Urtarrilaren 7an hasiko dira klaseak Legazpi 6 Euskaltegian. Horrekin batera, azterketak buruak dituzuenok baduzue zeregina.
2014ko EGA azterketaren lehenengo deialdiko egutegia argitaratu da, dagoeneko. Horren arabera, atariko proba otsailaren 22an egingo da; proba idatzia, martxoaren 8an; eta ahozko proba, maiatza bukaeran.
Azterketa egiteko matrikula-epea zabalik dago urtarrilaren 7tik 20ra bitartean, biak barne. Matrikula internet bidez egin behar da, eta arazorik izanez gero, Zuzenean zerbitzura jo dezakezue.
Ekin lanari!
Badatozela Gabonak! Aste hau dugu urteko azkenekoa, klaseei dagokienez, behintzat! Abenduaren 20a izango da azken eguna, eta Gabonetako oporrak hartuko ditugu.
Itzuli, berriz, urtarrilaren 7an itzuliko gara; Errege egunaren ondoren. Beraz, Gabon gau, Eguberri egun, Urte Zahar gau, Urte Berri egun eta Errege egun zoriontsuak igarotzea opa dizuegu.
Ondo pasa, eta datorren urtera arte!
Gaur bertan argitaratu dira EGA azterketaren emaitzak, eta HABErenak ostiralean argitaratuko dira.
EGA gainditu duzun jakin ahal izateko, jo hona eta sartu zure NAN zenbakia. Emaitzarekin ados ez bazaude, erreklamazioa jartzeko aukera izango duzu abenduaren 17ra arte. Horretarako, Zuzenean zerbitzua erabili beharko duzu, tokian tokikoa. Proba guztiak gainditu eta agiria jaso nahi baduzu, berriz, 21,01 euroko tasa ordaindu beharko duzu, eta ondoren, agiria jaso Zuzenean zerbitzuaren buelgoetan.
HABEren emaitzak, berriz, ostiralean argitaratuko dira. Horretarako, ikasleen sarbidera jo behar da. Agiria jasotzeko eskaria ere bertan egin behar da. Horretarako, 19,83 euroko tasa ordaindu behar da. Tramite horiek guztiak nola egin eta erreklamazioa jartzeko argibideak jasotzeko, jo HABEren orrialdera.
Zorionak gainditu duzuen guztiei! Gainontzekoek, ez etsi! Urtarrilean zabalduko da 2014ko lehenengo deialdiko azterketa egiteko epea.
Euskarazko kultur eta aisialdirako produktuen gida argitaratu du, aurten ere, Donostiako Euskara Zerbitzuak. Izan ere, gain-gainean ditugu Gabonak. Ziur, zuetako asko hasi zaretela, dagoeneko, opariak erosten, edo, gutxienez, zer erosi pentsatzen. Gida honetan aurkituko duzue behar duzuena.
Guztira, 500 produktu inguru bildu dira bertan: aldizkariak, komikiak, DVDak, jolasak, CD-Romak, musika, liburuak, hiztegiak, euskara ikasteko materiala... Gainera, produktuak adinaren arabera daude sailkatuta, eta bakoitzaren ezaugarrien berri ere ematen da.
Horrela, oso erraza da opariarekin asmatzea! Gida hau euskaltegian bertan eskuratu dezakezu. Bestela, jo www.euskaragida.net helbidera. Aurtengo Gabonetan, oparitu euskara!
7.000 hizkuntza inguru omen daude munduan, eta horietako bat da euskara. Datorren abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dira. Horietako batzuen berri eman genizuen lehengo astean, eta oraingoan, beste proiektu bat erabiltzera animatu nahi zaituztegu: guretzat behintzat, euskara mundiala da, baina, egin al dezakegu #mundiala?
#Mundiala kanpainarekin mapa bat osatu nahi da munduan zenbat euskal-hiztun dauden ikusteko. Oso erraza da: munduaren beste puntan dagoen euskal-hiztunen bat ezagutzen baduzu, bidal ieaziozu txio bat #mundiala traola erabilita. Horrela, mapa honetan erregistratuta geratuko da, eta euskaraz bizi diren pertsonen arteko sarea osatuko da; euskara #mundiala dela ikusiko da!
Gertu dago Euskararen Nazioarteko Eguna; abenduaren 3a, alegia. Aurten ere programazio berezia prestatu da Donostian egun horren bueltan, eta programazio osoa azaroaren 26an argitaratuko bada ere, dagoeneko eman da hainbat ekintzen berri.
Euskararen Eguna ospatzeko ekintzak azaroaren 23tik abenduaren 5era bitartean egingo dira Donostiako hainbat auzotan. Guztira, Donostiako 50 bat eragilek antolatutako 100 ekintza inguru prestatu dira. Horietako bat izango da, adibidez, bihar bertan Loiolan antolatu den hitzaldia: "1813-2013 Harresiaren kanpoaldetik".
Hala ere, egun bereziena Euskararen Eguna bera izango da. Batetik, Mintzodromoa egingo da San Telmo Museoan. Bestetik, "Lizasoain gogoan" ekitaldia egingo da Abuztuaren 31 kalean. Gainera, azken 200 urtetako euskararen historiaren inguruko bisita gidatuak egingo dira Alde Zaharrean. Amaitzeko, berriz, eguerdi partean ikuskizun berezia izango da Antzoki Zaharrean.
Honekin guztiarekin Donostian euskararen erabilera bultzatu nahi da. Horretarako, beste proiektu bat ere bada martxan: www.suhaietatik.com webgunea, hain zuzen. Bertan, “Hitzen mapa” atalean, euskararekin lotura izan duten Donostiako gertaera garrantzitsuak jasotzen ari dira, eta, horretarako, jendearen parte hartzea garrantzitsua da. Bestetik, "Zure hitzetan" atalean euskararen aldeko urrats bat ematera animatu nahi dira herritarrak. Horretarako, ekintza zehatz eta egingarriak proposatzeko eskatzen da. Animatu zu ere eta egin zure proposamena!
EGAko idatzizko azterketak gainditu dituzuenok laster egin beharko duzue ahozko proba ere. Dagoeneko argitaratu da azterketa egiteko bakoitzari egokitutako ordua eta lekua zein diren.
Bilbon eta Gasteizen azaroaren 22 eta 23an egingo dira probak. Donostian, berriz, hilaren 30ean. Emaitzen berri abenduaren 11n emango dute.
Animo, azken txanpa duzue-eta!
Donostia erre eta suntsi zituztela 200 urte pasa dira aurten, eta gertakari haiek gogoratzeaz gain, horren haritik beste hainbat datu eta istorio ere bildu da. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Idazleen Elkarteak elkarlanean, euskarak azken 200 urteotan Donostian izan duen presentzia, garrantzia eta bilakaera jaso dituzte “Su haietatik hitz hauek” liburuxkan eta www.suhaietatik.com webgunean.
Aritz Gorrotxategi da liburuaren egilea, eta, bertan, Donostia eta euskara lotzen dituen hainbat kontu bildu ditu: bisitari ospetsuek euskarari buruz idatzitakoak, donostiar idazleek aipaturikoak, bertsolaritza edota euskal antzerkigintzaren presentzia eta garrantzia Donostian, euskarazko publizitatea, prentsa edota kantagintza, ikastolen sorrera...
Gauzak horrela, liburuxkak historian atzera egiten badu ere, aurrera begira sortutako proiektua ere bada. Izan ere, abenduaren 3ra, Euskararen Egunera begira antolatu diren jardueretan jendeari parte hartzeko aukera eman nahi zaio. Horretarako, hain zuzen, "Hitzen mapa" atala sortu da webgunean. Bertan, euskararekin lotura izan duten Donostiako gertaera garrantzitsuak jasoko dira eta horretarako jendearen parte-hartzea eta ekarpena garrantzitsua izango da.
Bestalde, abendura arte erakusgai egongo dira weba, liburuxka eta liburuxkarako egindako ilustrazioak Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian eta Gipuzkoako Campusean (Carlos Santamaria zentroan).
EGAko bigarren deialdiko azterketako proba idatziaren emaitzak azaroaren 8an argitaratuko dira. Zure emaitzak ikusteko jo hona. Gogoratu, erreklamazioak egiteko epea azaroaren 14ra artekoa dela.
Bestalde, ahozko probak azaroaren 22 eta 23an eta 29 eta 30ean egingo dira. Laster argitaratuko dituzte bakoitzari egokitutako lekua eta ordua. Adi egon!
Egutegi osoa ikusi nahi izanez gero, hona jo dezakezue.
Animo, eta zorte on azken txanpan! Hau egina dago!
2013. urteko EGA eta HABEren bigarren deialdiko azterketak martxan daude jada. Larunbat honetan bertan, urriak 19, HABEren azterketako proba idatzia egingo da, hain zuzen. EGAko proba idatzia, berriz, urriaren 5ean egin zen, eta azaroaren 8an argitaratuko dira emaitzak. Azterketen egutegiak begiratzeko jo EGAko azterketen informazio-atarira edo HABEren azterketen informazio-atarira.
Bestalde, euskaltegian ikasturtea hasi berri duzuenok, agian, urtarrilean azterketetan izena emateko asmoa izango duzue. Jakin badakizue azterketek, normalean, hiru zati izaten dituztela: atariko proba edo entzumeneko eta irakurmeneko proba, proba idatzia eta ahozko proba. Azken zati horri begira, hain zuzen, antolatu ditugu ostiraletako doaneko mintzapraktika saioak. Ahozko azterketak prestatzeko aukera paregabea izango duzue klase horietan. Bigarren eta hirugarren mailako ikasleentzako taldeak sortu dira, eta 17:00etatik 19:00etara ematen dira klase hauek. Lan boluntarioa denez, ostiralero azaldu ezin baduzue ere, merezi du noizen behin etortzea! Informazio gehiagorako jo hona.
Ikasturtea hasi dugu dagoeneko, eta gure ikasleen helburuak betetzen laguntzeko beharrezkoak diren baliabideak jarri nahi ditugu euren esku. Hori dela eta, euskaltegian matrikulatuta zaudeten ikasleentzako doaneko mintzapraktikarako saioak antolatu ditugu ostiral arratsaldeetan.
Bigarren eta hirugarren mailako ikasleei zuzendutako mintzapraktika saioak izango dira, eta ostiral arratsaldeetan emango dira, 17:00etatik 19:00etara bitartean.
Parte hartu nahi izanez gero, hitz egin zure irakaslearekin zuzenean edo galdetu gure bulegoan. Klaseak aste honetan bertan hasiko dira.
Aukera paregabea da zure burua azterketetarako prestatzeko! Aprobetxatu!
Datorren astelehenean, hilak 7, Pasaiara joango gara, Ulian barrena. Amarako "Gure Egunsentia" zaharren-egoitzako ikasleek antolatu dute txangoa, eta bazkaria ere, haiek prestatuko dute.
Hitzordua goizeko 10:00etan jarri da, Ategorrietako erlojuan. Handik Pasaiara joango gara, Ulian barrena. Oinez joan nahi ez duenak zuzenean Pasaiara joateko aukera ere badu. 13:30ak edo 14:00ak aldera bazkalduko dugu San Pedrotarrak arraun-elkartean.
Txangora joan nahi izanez gero, eman izena lehenbailehen euskaltegian.
ANTIGUA: Guridi Maisua z/g 20008 Donostia | ALDE ZAHARRA: Kanpandegi 1 20003 Donostia | Tel. 943 219 907 | Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Garapena: Kultur Atelier eta BIT&MINA